| |
BIOGRAFIA
HAITZAMA Taldea hasiera
batetan gehienbat ezkontza eta erromeria txikietan parte hartzen
hasi ginen, laukote moduan. Hasieratik taldekideen asmoa jendeak
dantza egin araztea zela argi genuen, kantuen hautaketa eta
moldaketa helburu horretara bideratu zirelarik. Horrela hasi
ginen plazarik plaza Euskalerria osoan zehar bidaiatzen.
Honela, “Hatoz gugana“ izeneko maketa grabatu
genuen, Anabel Montero kantari zela. Lau kantu zeuden bertan,
alaitasunez eta jaiarako gogoz beteak: “Hatoz gugana”,
“Euskal jaiak”, “Badator udaberria”
eta “Oihana”. Hainbat irratitan zabaldu eta ezagutzera
eman genuen, eta egun oraindik bakarren batetan entzun daitezke
doinu haiek.
Urte pare bat beranduago, Anabelen ordez
Mikel Leibar sartu zen kantari bezala eta taldeari beste norabide
eta beste dimentsio bat eman zion: hortik aurrera lehen baino
oraindik dantzaldi jator eta potenteagoak eskaintzen hasi
ginen. Jendeak hain gustoko zituen bikoteentzako dantzei eta
euskal dantzei reggae, ska eta rock´n´roll erritmoak
gehituz. Honela denboraldi batzuk egin genituen, gero eta
dantzaldi gehiagotan parte hartzen.
Beranduago, trikitixa ere gehitu zitzaigun
taldera eta horrek eman zion azken ukitua HAITZAMA
taldearen gaur egungo soinuari.
Honela, zientoka dantzalditan jo ondoren
azken urteotan dantzarako kantu alai eta jostagarriak gero
eta urriagoak zirela sumatu genuen, eta gure ekarpena egiteko
asmotan, Mikel kantak idazten buru-belarri jarri zen. Hainbat
kantutik egokienak hautatu eta estudiora sartu ginen, kantuek
barreiatzen zuten alaitasuna ahalik eta hobekien isladatu
nahian. Honela sortu zen “Eguzkiaren zain”.
|