2009-04-03
Korrika
txikia Bilbon

Giro apartekoa apirilaren 3an,
Santutxuko Karmelo plazan bizi izan zutena auzoko ikasleek. Ederto
pasatu zuten Haitzama taldearekin, batak zein besteak euskararen
alde gozatzen. Aurten korrikak bultzatu izan duen jendea ikaragarria
izan da.
Mezua:
ongi etorri. interj. Etorri berria abegitsu
hartzen dela adierazteko esapidea.
Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean,
hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak
berreskuratu nahi izatea da. Euskararen kasuan, herriak sarri
erakutsi du euskara berreskuratu nahi duela. Korrika, hain zuzen
ere, borondate horren adierazpen grafikoa da. Baina nahi izatea
ez da nahikoa. Gure mezua, gure ongietorria, harago doa. Herritarren
borondateari atxikirik, Korrika 16ra etorri ez ezik, Korrikan
azaleratuko den nahiari kasu egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal
Herriko norbanako, erakunde eta administrazio guztiei. Erakunde
eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea nahi dugu,
euskaldunok leku guztietan (lantokian, kalean, etxean...), euskara
erabiltzea nahi dugu, eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea
nahi dugu. Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu
gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko
arriskua baitago. Eta horretarako denok parte hartzea derrigorrezkoa
da. Korrikan bezala, lekukoa lurrera eror ez dadin, esku guztiak
dira beharrezko.
Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira,
gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi
du Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu nahi die euskararen
berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan
dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu
nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.
Ongi etorri Korrikara!
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!
Ongi etorri euskaraz gozatzeko, lan egiteko,
maitatzeko, saltzeko eta erosteko, negar egiteko, jolasteko...
hautua egin dugunon herrira!
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon artera!
www.korrika.org
