"Euskaldunok beti gaude zerura begira
eguraldiaren zain"
HAITZAMA TALDEAK DISKO BERRIA
ATERA DU SALSA, SKA ETA REGGAE ERRITMOEKIN.
"Gure kantekin erromerietako alaitasun eta berotasuna berreskuratu
nahi dugu", dio Mikel Leibar abeslariak.
S.atutxa
B ILBO. Orain dela hamasei urte
Arrasaten sortutako taldea dugu Haitzama. Hainbat urtetan plazarik
plaza erromerietan ibili ondoren, Haitzama taldeak "Eguzkiaren
zain" diska atera berri dute. "Euskal Herrian eguraldia
oso garrantzitsua da. Euria egiten badu euskaldunok gutxiago animatzen
gara dantza egitera", komentatzen dute taldekoek.
Euskal Herria Caribea balitz desberdina
izango litzateke. Baina gure herrian ezin da musika falta. Beharrezkoa
dugu. Euria zein eguzkia egin, jendea dantzatzeko melodiak izan
behar dute", kontatzen du Mikel Leibarrek, abeslaria eta
gitarra joleak. Gainera, Mikel diska honetako letren idazlea da.
Denetarik dago. Letrak bizitzako
islada dira, hamabi kantutan salsa, ska eta reggae bezalako erritmo
dantzagarriek trikitixa freskoarekin batera, diska alaia osatu
dute. Mikel Leibarrez gain, taldea Iñigo Agirrezabala (gitarra
eta ahotsak); Xabi Barrenetxea (baxua); Julen Apezetxea (bateria)
eta Nerea Solatxi trikitilaria eta ahotsa osatzen dute.
1997.urtena lau kantaz osatutako
maketa bat atera zuten. "Esperientzia berri bat izan zen
orduan. Orain atera dugun diskarekin oso pozik gaude eta bertan
taldearen garapen garbia nabaritzen da".
Gora bihotzak, Dantzara, Kubarantz,
Eskuak gora-gora, Gure herria eta beste kantuekin Euskal herria
eta mundu osoa dantzan jartzeko asmotan datoz Haitzama taldekoek.
"Erritmo desberdinak aukeratu ditugu gure lehen disko honetarako.
Lana saila izan da. Erromeriak asko aldatu direlako. Lehen erromerietara
hurbiltzen zen jendea helduago zen, orain berriz gazteagoa. Gainera,
erromerietako ordutegian ere aldaketa bat eman da. Gaur egun beranduago
hasten da", kontatzen du Leibarrek.
FUSIO BAT. Hasiera baten diska
bertsioz osatutako kantekin betetzea pentsatu zuten. Baina ideia
bertan behera uztea erabaki zuten. "Proiektu honekin hasi
ginenean konturatu ginen beste bide batetik jarraitu behar genuela.
Gauza bat entzuteko kantak dira, eta beste bat dantzan egiteko
melodiak. Ez dauka zerikusirik. Lan honetan fusio bat egin dugu.
Alde batetik erritmo latinoak aukeratu ditugu eta horiei euskeraz
idatzitako letrak sartu", azaldu zuen abeslariak.
Ilusioz egindako lana da lehen
diskoa hau. "Plazarik plaza ibiltzea ez da lan bat, bizitzeko
eta sentitzeko era bat baino. Gainera taldeko kideen arteko erlazioa
oso ona da. Lagun arteko taldea bezala hasi ginen orain dela hamasei
urte eta nahiz eta denbora pasa berdin jarraitzen dugu. Niretzako
lagun taldea da", esan zuen. Eguzkiaren zain egon edo ez,
berdin da.
Uda honetan Haitzama taldearen
kantak herriz-herriz entzuteko aukera izango dugu. Datorren urtean
beste diska bat ateratzeko asmoa adierazi dute Haitzama taldekoek.
"Ideia batzuk baditugu. Gainera nire asmoa Kubara joatea
da. Bertako erritmoak ezagutzeko helburuarekin".
'Eguzkiaren zain' lan
berrian, Haitzama erritmo desberdineko kantak aukeratu dituzte
dantzatzeko