2008-11-23
Argia aldizkaria
Iker
Barandiaran
Plaza bete doinu, kolore eta sentsazio
Plaza taldeak
eraldatuz doaz, gauza ia guztien moduan, eta gaur egungo plaza
talde asko beste "plaza" askotarako aproposak ere
badira. Haitzama horien artean dago. Musikari gaztez osatutako
talde beterano honek dozenaka kontzertu egin ditu aurten ere,
baina kantu propioez (ia guztiak) osatutako diskoa prestatzeko
tartea hartu dute. Hala, trikitia oso presente dagoen arren,
ska, reggae, runba, merenge, pop, folk zein rockarekin ausartu
egiten dira, eta baita emaitza onak lortu ere. Beraien helburu
nagusienetakoa jendea dantzan jartzea da, eta horretarako
ez dago guztia asmatuta; horregatik ez ditu kikiltzen ohiko
instrumentuez gain, tronpetak zein hammondak erabiltzeak.
Alaitasunaren eta desinhibizioaren borrokalari porrokatuak
diren arren, hitzetan, tarteka, bidegabekeriei abesten diete.
"Talde gehienek
entzuteko eta abesteko kantak egiten dituzte, baina noizbehinka
dantza ere egin behar da"
Zer da Haitzama? Badago
harria baino zaharragorik?
Haitzaren ama da. Guztiak bat izan, ondo konpondu eta elkar
ulertzea garrantzitsuena da talde batentzat. Hori argi eta
garbi izan dugu hasieratik eta izenak horrela adierazten du.
Hau da gure lehenengo esperientzia.
Zuek plaza talde definitzea aproposa da?
Plaza talde baino, dantzatzeko eta gozatzeko taldea. Gure
erronka handiena jendea dantzara bultzatzea izan da. Euskal
Herriko talde gehienek entzuteko eta abesteko kantak egiten
dituzte. Hori ondo dago, baina noizbehinka dantza ere egin
behar da eta lotsak baztertu.
Dantzak pena guztiak kentzen ditu?
Hala pentsatzen dugu musikari guztiok. Momentu bakoitzean
norberak musika estilo ezberdinak behar ditugun moduan, dantza
desinhibitzeko, pena guztiak ahazteko, alaiago egoteko lagungarria
da.
Ez da ohikoa amatasunaren gainean kantuak idaztea. Gutako
denoi on egingo liguke inoiz ama izateak?
Ez dakit ama izateak, baina bai inoiz sentitzeak emakume batek
sentitzen duena haurdun dagoenean. Uste dut harrigarria dela
pertsona bat zure barnean sentitzea. Baina gizon batek edo
emakume batek sentitzen dutena oso ezberdina da.
Hain zaila da bakoitza den modukoa izatea?
Pertsona bakoitzak bere barnean bilatu behar du. Txikitatik
gizarteak dena inposatzen dizu, baina gu garen moduan adierazten
gara?
Zer dago Kuban hemen ez dagoena? Hain zaila da hemen inspiratzea?
Inspiratzea ez da zaila, egunero gauza berriak pasatzen dira-eta,
baina hemen gaur egungo bizimoduak ez du batere laguntzen.
Estres handiagoarekin bizi gara. Ekonomikoki hain aberatsak
ez diren lurraldeetatik ikasi egin behar dugu. Guk nahi dugun
guztia daukagu, baina garrantzitsuena falta zaigu, zoriontasuna.
Kuban, berriz, jendeak pertsona izaten erakusten dizu, ateak
edonorentzat irekita daude. Eta musika aldetik dagoena ikaragarria
da.
|